XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Literatur azterkari klasiko ta tradizionalek (esanahirik onenean: hitz horiek oraindik ere esanahi onean erabiltzea ba dago-ta!) gutitan galdetu dute klase burrukaren eta literaturaren artean ze lotura zegoen.

Edo inportantzia haundirik eman gabe azterkatu dute puntu hori.

Ez totalidaderik gabeko gizonik zirelako, beren totalidade tankeran galdera horrek inportantziarik gabeko samarra zirudielako baizik.

Halakoen kontra-edo, galdera guzietatik inportanteena galdera horrixe zerizkioten totalidadeak eraiki ziren gero, ta ezagutzen ditugu.

Oraingo aldian azkeneko totalidadeok domeinatzen dute buruetan.

Eta haien domeinu dogmatikoaren haroak pasatzen hasia badirudi ere, hartatik heredatu ditugun ohitura ta usantza batzuk, ixuri ta makur batzuk, erantsirik gelditu zaizkigu ta oraindik gure jokabideak determinatzen segitzen dute.

Halako bat iruditzen zait, klase arazoa literaturan erabiltzen dugun guzietan, lehen-lehenengotik bi klase nagusien eskemarekin, eta azterkatu nahi dugun obra biotako zeinetakoa zen, galdezka hasten bagara.

Ez dugu galdetu oraindik: Zergatik esan izan da bi klase bakarrik dagoela?.

Noiz ta zein esferatan balio du horrek? Zein ikusgunerekin?.

Zer balio du horrek literaturan: nondik nora bai ta nondik nora ez?, etab.

Uste dut trasposizio engainagarri bat egiten dela, oharkabean.

Bai, edozein kristauren begien bistaren aurrean egonen da, agian, gizarte guzia bi klasetan berezi ahal izateak ez du esan nahi, gizarte bizitza guzia ta honetako edozer gauza ere bi klaseon arabera berez daitekeenik.